IKASTOLAK MENDE ERDIA BETE DU ETA AURRERA GOAZ!

50 urteSan Fermin Ikastolak bere 50. urteurrena bete du gaur eta egunaren ospakizun handia egiteko, ikasle, irakasle eta langile guztiak patiora atera gara, tarta erraldoi batekin Zorionak abesteko. Uxue ikastola izan zen, gaur bezalako egun batean bidea urratu zuena, eta haren atzetik etorri zen gerora gaur egun ezagutzen dugun San Fermin Ikastola. Kaxianoren bertsioa kantatzeaz gainera, "Guk euskaraz, zuk zergatik ez" abestia ere entzungai izan da, patiora hurbildu garen guztion ahotik, duela 50 urte euskarazko irakaskuntzaren bidea urratu zuten familien ausardia gogoratuz. Hunkigarria izan da benetan ikasle handiek txikiak nola lagundu dituzten ikustea, bai eta oro har bertan sortu den giro aparta. Ekimen hau, ordea, hasiera besterik ez da; ikasturte osoan zehar, hamaika ekimen antolatuko baitira urteurrena ospatzeko.