HERRI URRATS 2015. Senperen, Maiatzaren 10ean

Herri-Urrats 2015

 

http://www.herriurrats.eus/

Aurtengo Herri Urrats berezia izango da. Ziburuko ikastolarentzako orubea erosteko eta han ikastola berria eraikitzeko erabiliko da Seaskako ikastolen jaian bildutako dirua, eta xede horretarako urte osoan zehar egiten ari diren kanpaina orokorraren barruan kokatuko da. "Zalantzarik gabe, dirua biltzea da Herri Urratsen xede nagusia, diru horrekin Seaskaren xede nagusia bete ahal izateko, hots, Ipar Euskal Herrian euskararen aitzinamendua lortzeko", azaldu du Seaskako lehendakari Paxkal Indok, gaur Baionan eta Donostian eskainitako bi agerraldietan. Indorekin batera, Herri Urratseko lehendakariorde Maialen Etxemendik ere hartu du hitza prentsaren aurreko agerraldietan.

"Alkate batek zorpetzera behartu gaitu Ziburun. Orain arte genituen inbertsioei beste bat gehitu arazi digu. Erronka da, Ziburuko ikastola egiteko diru iturri berriak sortzea, jakinik ditugun beharrak asetzeko urtean bi edo hiru Herri Urrats beharko genituzkeela", esan du Seaskako lehendakariak. Horregatik, aurtengo Herri Urrats berezia izateaz gainera, bereziago egin behar dela aipatu du. Horretarako Senpereko lakuaren inguruak jendez mukuru bete behar direla azaldu du. "Dei egiten diegu garai batean etortzen ziren baina etortzeari utzi zioten guztiei, berriro Senperen elkartzera. Urteotan etortzen jarraitzen duten guztiei ere dei egiten diegu, eta baita orain arte etorri ez diren guztiei ere". Halaber, arrazoi bat edo beste delarik, etorri nahi baina ezin dutenei, Senperen utziko zituzketen euroak seaska.eus webgunearen bitartez ekarpena egiteko eskatu die Indok.

Egitarau oparoa

Urtero bezala, egitarau oparoa prestatu dute Seaskako ikastoletako guraso, irakasle eta ikasleek: musika, bertsoak, dantzak, jolasak eta ikuskizun gehiago ere bai, maiatzaren 10ean Senperen egun ederra igarotzeko. Haurrak eta gazteak protagonista izatea nahi dute, eta horretarako hiru gunetan haur txokoak izango dituzte, eta ikastolen beste jai batzuetan arrakasta handiz egin den Erronka ere izango da gazteentzat. Seaskako ikastolen eguna

jai gisa antolatuta dagoen arren, Indok eta Etxemendik gogorarazi dute, Herri Urrats jaia baino gehiago "manifestazio bat" dela, aldarrikapenez betea, eta jendeari eta agintariei dei bat ere badela. "Behar dugu Herri Urrats, urte osoan zehar lanean jarraitzeko indarra ematen digulako. Ezinbesteko arnasa ematen digu. Ziburuko ikastolaren alde Hegoaldetik etorri zaigun babes eta elkartasun handi horrek eman digun arnasa bezala. Orain eskatzen duguna da, babes eta elkartasun hori islatzea baita Herri Urratsen ere", azaldu du Etxemendik.

Ikastolen hazkundea

Ospatzeko ere arrazoirik badu Seaskak. Ziburun ikastola berria egiteaz gainera, heldu den ikasturtean beste hiru ikastola gehiago izango baititu Seaskak: Nafarroa Behereko Azkaraten eta Lapurdiko Basusarrin eta Biriatun. "Ikastola txikiak dira orain. Baina ikastola guztiak horrela hasi ziren. Hau ez da abentura zoro bat, ezinbestean ireki behar ditugu ikastola gehiago, geu baikara euskara aitzinatzeko bide bakarra Ipar Euskal Herrian".

Datuak ere eman ditu Indok. Duela hamar urte baino 1.132 haur gehiago daude Ipar Euskal Herrian. Hazkunde horren eskolatzearen %70 ikastolen aldekoa izan da, eta eskola publikoarena %30. Eskola giristinoak, aldiz, haurrak galdu ditu. "Datu horiek erakusten dute ikastola gehiago irekita, haur gehiago eskolatzen direla euskaraz. Eta ez hori bakarrik, ikastolen eraginez, eskola publikoan eta giristinoan euskarazko eskaintza handitu egin da".