Telefono mugikor zaharren bilketa antolatu dute DBHko ikasleek

San Fermin Ikastola, mugikorrak biltzeko kanpaina

DBHko 4. mailako ikasleek ekimen interesgarria burutu dute azken hilabeteotan Etikako klaseetan.  Hone helburuak, besteak beste, Kongoko egoera larria ezagutzea, XXI. mendeko mundu teknologikoaren eskari masiboak herrialde honen giza eskubideen urraketan nola eragiten duen kontzientzia hartzea eta mundu mailako arazoa izan arren, norberak egin dezakeen ekarpenaz ohartzea izan dira. 

Honela, bigarren ebaluazioan zehar,  Kongoko Errepublika Demokratikoak bizi duen egoera aztertu zuten gelan, eta gertaera historikoek haien bizitza sozio ekonomikoan izandako eragin bortitzez jabetu ziren ikasleak. Hirugarren ebaluazioan, berriz, talde lanean aritu dira, kontzientziazio kanpainarekin batera, mugikor bilketa bat antolatzen. Horretarako, bideo bat eta webgunea ere sortu dituzte, kartelak eta bestelako euskarriekin batera. Zenbait ikaslek, gainera, 1. zikloko geletan aurkeztu dute lan hau guztia. 

Kanpainaren xedea, hortaz, kontzientziak astintzea da, baina baita norberak horrelako egoeren aurrean zerbait egin egin dezakeela ohartaraztea, esaterako, mugikor zaharren bilketan parte hartuz. Horrela,  eskuko telefonoentzat  ezinbestekoak diren mineral horiek berrerabiltzeko aukera dago, Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearen lan bikainari esker. "Izan zaitez munduan ikusi nahi duzun aldaketa" esaldiarekin bat eginez, beraz, mugikor zaharrak ikastolan bilduko dituzte datorren ekainak 13 bitarte. 

 

Ondorengo loturan, ikasleek sortutako BIDEOA ikusgai dago.