Jantokia

Jantokia

 

Ikastolak profesional-talde propioa dauka, gure instalazioetan, egunero, 3 eta 14 urte bitarteko ikasle guztientzat menuak prestatzen dituena. Sukaldean kalitatea eta segurtasuna bermatzeko ekipo profesionala izateaz gainera (sukaldariak, zerbitzariak...) dietista baten ardurapean bideratzen da jantokiko prozesu osoa eta honek, beharrezkoa denean, dieta bereziak programatzen ditu alergiak edo intolerantziak dituzten haurrentzat. Dieta hauek, gainera, segurtasun osoz sukaldatu eta zerbitzatu daitezen, prozesu zorrontza jarraitzen da. 

Hornitzaileek ere egunero zerbitzatzen dizkigute gure bazkarietarako produktuak. Gainera, hauetatik %60 gutxienez Nafarroako produktuak dira, bertako hornitzaileen bidez eskuratuak. 

Zaintzaileen laguntzari esker, haurrek txiki-txikitatik ikasten dute modu orekatuan, osasuntsuan eta eredu egokiei jarraituz elikatzen. Halaber, ikastolan abiatutako Konfiantzaren Pedagogiaren ildoari jarraituz, jantokian ere haurrak gustora egon daitezen lan egiten dugu, egunerokoan konfiantzazko ingurune bat eraikiz espazio garrantzitsu honetan ere.

Haurrek era guztietako elikagaiak dasta ditzaten egiten dugu lan. Horretarako, dietistak aniztasuna bilatzen du asteroko menuetan, bai elikagai motetan, eta baita sukaldatzeko moduetan ere. Era horretara, elikadura anitz eta osasuntsu bat izatearen garrantzia bereganatzen dute haurrek, bazkaltzeko oinarrizkoak diren beste hainbat ikaspenekin batera (ongi eseri, mahai tresnak erabiltzen ikasi...). Izan ere, helburu garrantzitsuena, haurrek elikatzeko pauta osasuntsua barneratzea da. 

Jantokia adinen araberako hainbat txandatan antolatzen dugu:

 

1go txanda: 12:15etan: HH eta 12:25etan:  LH 1. zikloa.

2. txanda: 13:15etan:  LHko 2. eta 3. zikloetakoak.

3. txanda: 14:25etan:  DBH 1.ziklokoak.

 

14 urtetik aurrera, hau da, DBHko 3. mailatik Batxilergoko 2. mailara, ikasleek ez dute jantoki zerbitzurik eta klaseak amaitutakoan autobusez etxera itzultzen dira. Baina, arratsaldez ikastolan eskolaz kanpoko ekintzak egiten badituzte, ikastolan bazkaltzeko aukera dute. Bestalde, etxera itzultzeko ikastolako autobus zerbitzurik ez duten ikasleek ere ikastolan bazkal dezakete.

Zerbitzu hau eskatu nahi duten ikasleen familiek, ikasturte hasieran ondoko INPRIMAKIA bete behar dute.