OKU

2002-2003 ikasturtean, gogoeta sakona egin ondoren, antolaketa-eredua aldatu genuen. Gure kudeaketa-eredua hobetu egin genuen, ikasleen garapen integrala etapa eta eboluzio ziklo guztietan sustatzeko. Hartara, helmuga horri erantzuteko, profesional taldeak osatu genituen. San Fermin Ikastolan irakasle guztiak tutoreak dira eta ikasleriaren zati baten garapenaren kudeaketan parte hartzen dute. Gure irudikoz, talde-lana oso interesgarria da. Horrela, gogoetarako eta lanerako esparru horiek gure oinarrizko kudeaketa-unitateak dira (oinarrizko kudeaketa-unitateak, OKU). Horrez gain, talde horietan beste profesionalen ekarpena ere txertatua dago; esaterako, zikloko koordinatzaileen, orientatzaileen eta zuzendaritzaren ekarpena. OKUen bidez errazagoa izaten da ikaslearen jarraimendu integralagoa eta osoagoa egitea; errazagoa, halaber, koordinazioa eta talde lana, bai eta erantzukizuna eta kudeaketa partekatua ere. Egoera gertatzen den ikasle-taldetik hurbil dagoen kudeaketa-eredu bat ahalbidetzen dute; esku-hartzea, beraz, egoeratik hurbil egiten da.  

Oinarrizko kudeaketa-unitateen antolaketa ikasleen adinetara eta etapetara egokitzen da.  

Lehen Hezkuntzan, esaterako, oinarrizko kudeaketa-unitatea edo OKU bikote hezitzaile batez osatua dago (tutoreaz - tutore-kideaz, hain zuzen). Haurraren adinaren arabera, tutoreak horrenbeste ordu eskainiko dizkio bere ikastaldeari eta tutore-kidetzat duen taldeari. Irakaslea bere ikastaldeko tutorea eta beste ikastalde bateko tutore-kidea izanen da. Tutorearen eta tutore-kidearen artean, planteamenduak trukatu eta elkarri ekarpenak egiten dizkiote ikastaldeen eta ikasleen eboluzioari buruz. Beste profesional batzuek (orientatzaileek, espezialistek...) beren lana OKUekin koordinatzen dute, eta OKUetan ere ziklo bakoitzeko koordinatzaileek parte hartzen dute.  

DBHn eta Batxilergoan ikastalde bakoitzak ez du tutore bakarra, tutore talde bat baizik. Tutore taldeak maila bateko ikasgela guztietan ematen diren irakasgaietako irakasleez osatuta daude. Ikasle bakoitzaren jarraimendu etengabea egiten da, haren garapen akademiko, sozial, afektiboaren... alorretan; ikuspegi berbera erabiltzen da eta, era berean, ikasleen garapen integrala sustatzen dituzten lan-estrategiak adosten dira. Zikloak koordinatzeko taldeek, zuzendaritzak eta orientazioak astero parte hartzen dute OKUetan.  

Kudeaketa-eredu horrek, era berean, irakasle berriak taldeetan sartzea ahalbidetzen du.

San Fermin Ikastola kudeatzeko sistemak, azken finean, ikasle bakoitzari jarraimendu ezin hobea egiteko bermea ematen digu Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino, hala errendimendu akademikoari dagokionez nola gure ikasleak erabat garatzeari lotuta dauden bestelako inguruabarrei dagokienez.